Zein izango dira etorkizuneko lanbideak? Teknologia digitalak lan merkatua aldatzen ari dira

Zein izango dira etorkizuneko lanbideak? Teknologia digitalak lan merkatua aldatzen ari dira

30-05-2018

Iker Usabiaga, DANOBATGROUPeko Gestio Sozialeko zuzendaria

Teknologia digitalen garapena intentsitate handiko aldaketa sozial eta ekonomikoak eragiten ari da, eta aldaketa horiek ondorioak izaten ari dira sektore batzuetan, hala nola industrian, zerbitzuetan, ekoizpen bitartekoetan eta, jakina, lan eremuan.

Lan merkatuaren joeren azterketetan aditu direnek egindako azken azterlan guztietan datu garrantzitsu bat aipatzen da, hauxe: etorkizuneko lanbide gehien-gehienak ez dira gaur egun existitzen. Txosten batzuek, esaterako OBS Business Schoolek berriki zabaldutakoak, iragartzen dute 2030ean egongo diren enpleguen %85 oraindik ez direla asmatu.

Kode bitarraren iraultzak profil berriak sortzea eta eskatzea ekarriko du, duela urte gutxi batzuk horizontean ere agertzen ez ziren profilak, zehazki. Lanbide batzuk, esaterako chief digital officer delakoak, enpresa bateko negozio arlo guztiak estrategia digital bat ezartzeari begira lerrokatu beharko dituztenak, edo erabilgarritasuneko adituak edo hiri adimendunetarako arkitektoak ez ziren gure imajinarioan ere agertzen duela urte gutxi batzuk.

Makina-erreminten eta industriako fabrikazio sistemen eremuan, Euskadiko ekonomiarako funtsezko sektorea baita, komunikazioaren eta informazioaren teknologien sarrerak bultzatutako eraldaketa errealitatea da, aitzakiarik gabe.

Diziplina batzuek, esaterako errealitate areagotuak, Big Datak, fabrikazio gehigarriak, 3D berregite ereduek edo robotika adimendunak fabrikazio paradigma berri bat eman dute, zeina industria digitala edo 4.0 industria izenez ezagutzen baita. Eszenatoki horren ezaugarriak dira prozesu automatizatuen aurrerapena, ekipamenduen interkonexioa eta autonomoki funtzionatzeko ahalmen handiagoa duten ekoizpen ingurune adimenduen eraikuntza.

Eredu berri horrek oso trebatutako profilen premia dauka eta, aldi berean, ikaragarri hibridoak eta diziplina askoko profilak, ohiko fabrikazio sistemen funtzionamenduaren gaineko prestakuntza sendoa eta softwarearen, datuen analisien eta konektibitatearen gaineko ezagutzak uztartzeko.

Interfaze digitalekin elkarreraginean egoteko gaitasuna, eta datuak eskala handian analizatzekoa, prozesatzekoa eta interpretatzekoa funtsezko baldintza bihurtuko da sektorean, izan ere, espero da STEM profesionalen eskaera asko handituko dela, hau da, zientzien, teknologiaren, ingeniaritzaren eta matematikaren gaineko ezagutzak dituzten profesionalak askoz gehiago eskatzea.

Zientzialariak eta datu analistak edo lantegi adimendunetara bideratutako ingeniari elektronikoak puntu asko irabazten ari omen dira, industrian proiekzio handiagoa duten espezialisten antzera, baina oraingo unea definitzen duen ezaugarri baldin badago hori da eraldaketak gertatzeko abiadura, beraz, profil zehatzak alde batera utzita, gaitasunak finkatzea da gakoa.

Lehiarako abantaila da etengabe garatzea eta aldaketetara egokitzea. Ezinbestekoa izango da kezka, jakin-mina, etengabeko prestakuntza eta inguruan gertatuko diren aldaketen erritmoan aurrera egiteko azkartasuna bizirik mantentzea. Funtsezkoa izango da, halaber, diziplina askoko ekipo nazioarteratuekin harremanak ezartzeko trebetasunak edukitzea.

DANOBATGROUPen apustu sendoa egin dugu giza kapitalaren prestakuntzaren alde, talentua modu estrategikoan kudeatuta, gure ekipoaren prestakuntza bultzatzeko, eta ekipo hori osatzen dutenen garapen profesionala eta pertsonala sustatzeko eta haien nahiak, kezkak, ardurak eta motibazioak arretaz zaintzeko.

Gure taldea, makina-erremintetan eta industriako fabrikaziorako teknologia aurreratuetan espezializatua dagoena, erreferentea da industrian aplikatutako digitalizazioan, non balio proposamen sendoa baitugu.

DANOBATGROUP sei enpresak eta zentro teknologiko batek osatuta dago, beraz, gure ekipoa osatzen duten pertsonen garapenerako egokia den ekosistema bat dugu, berrikuntzak markatutako inguruneetan erronkak bereganatzea eta lan egin ahal izatea bermatuta.

Intentsuki egiten dugu lan gure enpresen errealitatea eta ikasketen mundua elkar hurbiltzen laguntzeko, profil profesional berriak trebatzeko faktore erabakigarria baita.

Ikasketa planen diseinuan inplikatzen gara; hirugarren zikloko titulazioak sortzen laguntzen dugu, esaterako Mondragon Unibertsitateak eskaintzen duen Industriako Automatizazioko Masterra; hitzarmenak ditugu unibertsitateekin; lanbide heziketako eskola propioa dugu eta hainbat ekimenaren sortzaileak gara, esaterako Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroa (CFAA), sektore aeronautikora aplikatutako teknologien garapenera bideratutako proiektua, non arlo akademikoarekiko lotura bermatuta baitago, erakunde publikoek eta enpresa pribatuek ez ezik EHUk ere hartzen baitu parte.

Pertsonekin dugun konpromisoaren barruan eta berrikuntzaren alde egiten dugun apustuaren barruan, presentzia nabarmena edukiko dugu bai Makina-erremintaren Espainiako Bienalean, zeina maiatzaren 28tik ekainaren 1era bitartean Bilbao Exhibition Centren (BEC) egingo baita, bai WORKinn enplegu azokan, zeina leku berean egingo baita, maiatzaren 30ean eta 31n.

Ikasleekin eta profesionalekin harremanetan sartzeko erabiliko dugu WORKinn foroan erakusketetarako edukiko dugun lekua. Zehazki, karrera arrakastaz garatu eta 1.300 pertsona baino gehiagoko plantilla duen eta proiektu berritzaile eta nazioarteko testuinguruetan garatutakoetan parte hartzeko aukera eskaintzen duen talde batean aritzeko aukera berrien bila dabiltzanekin, ezaugarri horiek baitira trebakuntza bikaina eta enplegagarritasun maila handia bermatzen duten ezaugarriak.

Industriako digitalizazioak daraman erritmo azkarrak panorama bat marrazten digu, non proiektu enpresarial berriak, negozio eredu berriak eta lan aukera berriak agertzen diren. DANOBATGROUPen pertsonen espezializazioarekin eta trebakuntzarekin konprometituta gaude, bidaia erakargarri hau gurekin batera egin dezaten.