Danobatgroup industria talde kooperatibo bat da, eta makina-erreminten fabrikazioan, balio erantsi handiko osagaien fabrikaziorako garapenetan, giltza eskura erako ekoizpen sistemetan eta zerbitzu teknologikoki aurreratuetan espezializatuta dago, eskakizun zorrotzeko sektoreentzat, hala nola automobilgintza, aeronautika, trengintza edo energiaren sorreraren sektoreentzat, besteak beste.
Taldea MONDRAGON Korporazioko kidea da eta 70 urteko ibilbidea egina du doitasun handiko sistemak garatzen eta fabrikaziorako diren teknologiak ikertzen eta aplikatzen. Makina-erreminten fabrikatzailerik handiena da Espainian, eta ekoizle nagusietako bat Europan. 1.400 pertsona baino gehiago enplegatzen ditu, eta urtean 300 milioi eurotik gorako fakturazioa du; fakturazio horretatik, %90 baino gehiago nazioarteko merkatuetatik dator.
Taldeko enpresa nagusiak hauek dira: Danobat, artezteko makinen, doitasun handiko tornuen eta doitasunezko mekanizazio lerroen Europako fabrikatzaile nagusietako bat, Hembrug eta Overbeck filialen eskaintza barne hartzen duena; Soraluce, fresaketa, mandrinaketa eta funtzio anitzeko teknologian mundu mailako fabrikatzaile aitzindaria; eta Goimek, doitasunezko mekanizazioetan eta konplexutasun handiko mekanizazio handietan espezializatutako enpresa. Etorkizuneko erronkei aurrea hartzeko, bere balio proposamena dibertsifikatzeko eta aukera berriak esploratzeko, Danobatgroupek aliantzen politika bat ere badu aktibo, enpresa berriak eskuratuta, startup-en kapital sozialean parte hartuta edo hurbileko arloetan lankidetza estrategikoak bultzatuta, besteak beste Savvy, Endity eta Novak enpresekin egin duen bezala.
Nazioarteko bokazioa izatea eta kanpoko merkatuetara irekita egotea izan dira beti Danobatgroupen nortasun ezaugarrietako bat, eta enpresak fabrikazio lantegi gehienak Euskadin dituen arren, Alemanian, Herbehereetan, Errumanian eta Estatu Batuetan ere baditu fabrikazio plantak, eta Bikaintasuneko Zentroak herrialde estrategikoetan, hala nola Alemanian, Italian, Herbehereetan, Estatu Batuetan eta Txinan.
Berrikuntzaren aldeko apustua
Danobatgroupen ezaugarria da berrikuntza eta teknologia aitzindarien garapenaren aldeko apustu irmoa egiten duela; izan ere, konpromiso horrek bere izaera markatu du, eta bere ezaugarri funtsezkoenetako bat bihurtu da. Hala, bere diru sarreren %9 baino gehiago berrikuntzan inbertitzen du, patente propioen 44 familia ditu ustiapenean, eta bere berrikuntza motor gisa funtzionatzen duen partner teknologiko bat du: Ideko ikerketa zentroa.
Talde kooperatiboa, jasangarria eta pertsonekin eta ingurunearekin konprometitua
Taldea nabarmentzen da, halaber, jasangarritasunaren alde eta pertsonen eta ingurunearen ongizatearen alde egiten duen apustu irmoagatik. Konpromiso hori gauzatzeko, ingurumen, gizarte eta gobernu oneko (ASG) irizpide zorrotzak txertatu ditu bere estrategian. Bide orri horretan, bere eguneroko kudeaketa Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) batzen da, horrela balioa ematen jarraitzeko, sortu zenetik egiten ari den bezala.