Skip to main content
2025/09/26

Aurten ere, Danobatgroupek emakumeen talentua bultzatu du Gladys Sariak babestuz

Aurten ere, Danobatgroupek emakumeen talentua bultzatu du Gladys Sariak babestuz

Industria taldeak Gladys Sariaren banaketa ekitaldian parte hartu du gaur goizean, 2025eko irailaren 26an, aurten ere ekimenaren enpresa laguntzaile gisa. Ekitaldia Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultatean egin da, eta Iker Usabiaga Danobatgroupeko Gestio Sozialeko zuzendariak bertan parte hartu du, taldeak emakumeen talentu zientifiko-teknologikoa sustatzeko duen konpromisoa berretsiz.

PUNTUEUS Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak bultzatutako sariak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du, eta Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazioa, EITB eta EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntza ere. Sariak Gladys del Estal informatikari omenaldia egiten dio, eta bere helburua da eremu digitalean euskaldunak diren emakume gazteak aintzatestea, haien lana ikusaraztea eta gazteentzat erreferenteak sortzea.

Usue Mori ikertzailearen aitortza
Aurten, epaimahaiak Usue Mori Carrascalen ibilbidea aitortu du, ikerketa akademiko tradizionaletik haratago joateko apustua egin duen profesionalarena.

UPV/EHUko irakasle agregatua da, Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala sailean, eta 2024ko irailetik aurrera Adimen Artifizialeko graduko koordinatzailea ere bada. Matematikan lizentziatua da eta hainbat master egin ditu, besteak beste, modelizazio matematikoan, sistema adimendunetan eta irakaskuntzan.

Jakintzaren transferentziaren alde egindako lana nabarmendu du epaimahaiak. Moriren proiektuek adimen artifizialaren ikuspegi soziala indartzen dute eta ezagutzaren emaitzak praktikara eramaten dituzte, gizarteak horien onura zuzenean jaso dezan. Haren jardunak erakusten du ikerketa ez dela zertan akademiaren barruan geratu behar, eta teknologia eraldatzaileak gizartearen zerbitzura jar daitezkeela.

Epaimahaiak azpimarratu du "Adimen Artifiziala: nondik, nola eta zertarako?" galderari heltzen diola, eta gizarte digital hobe baterako bideak aztertzen dituela, ikuspegi justu, arduratsu eta irisgarri batetik; eta espero daitekeela etorkizuneko eragin positiboa izango duten prozesuen hasiera izatea bere lana, ikuspegi sozial eta kolaboratibotik abiatuta, betiere genero ikuspegia eta elkarlana oinarri hartuta.

Danobatgroup-en konpromisoa berdintasunarekin eta STEAM talentuarekin
Makina-erremintan liderra den industria taldeak Gladys Saria laguntzeaz gain, arlo  zientifiko-teknologikoan emakumeak ikusgarri egitea eta ahalduntzea sustatzen duten beste ekimen batzuk ere laguntzen ditu, hala nola arlo teknologikoan emakumeen talentua aitortzeko Deustuko Unibertsitateak antolatzen dituen Ada Byron sariari.

Danobatgroup-i buruz
Industriako fabrikazioari aplikatutako teknologikoen alorrean 70 urteko ibilbidea eginda, Danobatgroupek trebakuntza handiko 1.400 pertsona baino gehiago ditu plantillan, eta 344 milioi euroko fakturazioa. Taldea MONDRAGON Korporazioko kide da, eta makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren sektorean nazioarteko erreferentea, eta DanobatSoraluce eta Goimek dira bere enpresa nagusiak.