Skip to main content
2021/11/15

“Euskaraz izango gara” lemapean kaleratu du aurten Danobatgroup-ek euskararen eguneko lehiaketa

“Euskaraz izango gara” lemapean kaleratu du aurten  Danobatgroup-ek euskararen eguneko lehiaketa
  • Euskaraz izango gara lema aukeratu du aurtenDanobatgroup kooperatiba taldeak Euskararen Nazioarteko Egunaren lehiaketarako. Lehiaketa kooperatiba taldeak lantegiak dituen herrietako herritarrei eta orokorrean gizarte osoari zuzenduta dago.
  • Orain 21 urtetik hona ari da kooperatiba taldea bere egunerokotasuna euskaraz izateko lanean, eta aurten, 2021-2024 plan estrategikoa diseinatu eta euskara planeko erronkak eta helburuak ere onartu dira. Euskaraz izango gara lemak modu argian jasotzen du kooperatiba taldearen erabakia eta konpromisoa.

 

Danobatgroup industria taldea espezializatuta dago makina-erreminten fabrikazioan, balio erantsi handiko osagaien fabrikaziorako garapenetan, giltza eskura erako ekoizpen sistemetan eta zerbitzu teknologikoki aurreratuetan. Danobatgroup kooperatibaz gain, Danobat, Goiti, Soraluce, Goimek, Latz eta Ideko kooperatibek osatzen dute taldea.

Danobatgroupek harreman sare zabala du eta lanerako hizkuntza asko erabili eta kudeatzen ditu. Baina Euskal Herriko lantegietako langile, hornitzaile, bezero, ikastetxe, administrazio eta abarrekin euskara erabiltzeko erabakia hartua du, eta horren adierazgarri dira taldeko kooperatiba guztietan euskararen erabilera bultzatzeko dituen planak eta lortutako Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak.

Euskaraz izango gara da Danobatgroupek etorkizunerako aurreikusten duen agertokia, eta agertoki hori errealitate bihurtzeko lanean ari da, bai eguneroko lanean, ikerketa eta garapenean, teknologia berrietan, elkarren arteko harremanetan...

Baina, egunerokotasunetik haratago, gizarteari ere euskararekiko duen konpromisoaren berri eman nahi dio Danobatgroupek.

Aurten, aurreko urteetako bidea jarraituz, Danobatgroupek lantegiak dituen herrietako herritar guztiengana iritsi nahiko luke euskararekiko duen konpromisoa ezagutzera emateko Euskararen Eguneko lehiaketaren bidez.

Lehiaketan parte hartzeko, ondorengo helbidean sartu behar da:  https://info.danobatgroup.com/euskara/lehiaketa-2021.html

Erantzunak Danobatgroupeko webgunean aurkitu ahalko dira.Azaroaren 30era arteko epea egongo da lehiaketan parte hartzeko, eta abenduaren 3an erantzun zuzena eman dutenen artean sari hau zozkatuko da: gaua eta gosari ederra bi pertsonarentzat Bizkaiko zuhaitz-etxe batean.