Skip to main content
2020/10/20

Danobatgroupek partaidetza nabarmena edukiko du Ada Byron sarien banaketan

Danobatgroupek partaidetza nabarmena edukiko du Ada Byron sarien banaketan
  • Sari banaketa urriaren 29an egingo da, Bilbon, eta Taldeko Berrikuntzako zuzendari Nerea Aranguren, sarien epaimahaikidea dena, han egongo da
  • Deustuko Unibertsitateak ematen du urtero saria, emakumeek zientziari egiten dioten ekarpena bistaratzeko, eta industri taldea sariaren babesleetako bat da


Danobatgroup enpresa taldeak partaidetza nabarmena edukiko du Emakume Tekonoloentzako Ada Byron sarien banaketa ekitaldian. Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak urtero ematen dituen sariak dira eta, aurten, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko (CSIC) Ikerketako irakasle Laura Lechuga Gomez izan da sariduna.

Ekitaldia datorren urriaren 29an egingo da, streaming bidez igorriko da, eta ekitaldira joan ahal izango diren pertsona kopurua mugatua izango da, osasun agintariek emandako gomendioak betzeko.

Danobatgroupeko Berrikuntzako zuzendari Nerea Aranguren epaimahaikidea izan da, eta ekitaldian bertan egongo da, modu presentzialean, Unibertsitatearen Bilboko Campusean, Forotech 2020 Ingeniaritza Astearen inaugurazio saioa egingo den egun berean.

Ekitaldian egongo dira, halaber, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatu Teresa Laespada eta Deustuko Unibertsitateko errektore Jose Maria Guibert.

1962an Sevillan jaioa, Lechuga Gomez kimikaria da eta, CSICeko irakasle izateaz gain, Biosentsore eta Aplikazio Bioanalitikoen Taldea zuzentzen du Institut Català de Nanociència y Nanotecnologia erakundean (ICN2) eta Carlos III.a Osasun Institutuko Bioingeniaritza, Biomaterial eta Nanomedikuntzako Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentrorako (Ciber-BBN) egiten du lan.

Covid-19aren pandemiak eraginda egun dugun osasun krisian, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren eta Espainiako Gobernuaren aholkulari aditua izan da, Diziplina Askoko Lantaldean (GTM). Europako Batzordearen deialdian hautatutako 17 proiektuetako bat ere koordinatzen du irakasleak, COVID-19ak eragiten duen birusari buruzko ezagutzetan aurrera egiteko ICN2n.

Gazteen kategorian, berriz, Susana Ladra Gonzalez galiziarrak irabazi du Ada Byron saria. Matematikan graduatua eta Informatikan doktorea, Ladra Hizkuntzen eta Sistema Informatikoen irakasle titularra da (Coruñako Unibertsitatea) eta bokazio zientifikoak sustatzeko STEMbach programaren koordinatzailea.

Aurten, DanobatGroup sarien babesleetako bat izan da, talentu profesionalaren garapenarekin, emakumeen bokazio zientifiko eta teknologikoen sustapenarekin eta gizonen eta emakumeen arteko aukera berdintasunarekin duen konpromisoa indartzeko helburuarekin.

"Ekimen honi ematen diogun babesak bi alderdi ditu: batetik, berdintasunarekin eta emakumeek berrikuntzan egiten duten ekarpena aitortzen duten proiektuetan parte hartzearekin dugun konpromiso argia erakusten du, eta, bestetik, hezkuntza komunitatearekin lankidetzan jardunez talentua trebatzearen alde egiteko modu bat da", esan du Arangurenek.

2014an eman ziren lehen aldiz Ada Byron sariak, eta sortu zirenetik zientzialari ospetsu batzuen lana aitortua izan da, esaterako, Sevillako Unibertsitatearen Ingeniaritza Elektronikoko Departamentuko irakasle Maria Angeles Martinena edo Kaliforniako Bekerley Unibertsitateko (AEB) adimen artifizialari aplikatutako matematikako doktore Regina Llopisena.

Taldeak talentua estrategikoki kudeatzeko eredu bat dauka, profesionalen ahalduntzearen inguruan egituratuta. Apustu horren barruan, emakumeek zientzian egiten duten ekarpena ikusarazteko ekimenetan parte hartzeak berebiziko garrantzia du.

Gainera, industria sektoreak hainbat erronkari egin behar die aurre, hala nola ekoizpen inguruneen digitalizazioari eta automatizazioari; eredu berri bat beharko du, zeinak STEM esparruko (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) diziplina askoko profesionalak beharko dituen, eta, beraz, funtsezkoa da bokazio zientifikoak sustatuko dituzten eta teknologiarekiko eta ikerketarekiko grina bizirik mantenduko duten ekintzak antolatzen laguntzea.