Skip to main content
2023/11/24

Danobatgroupek 2030 Agendaren Hiztegi Eleaniztuna argitaratu du, Elhuyarrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera

Danobatgroupek 2030 Agendaren Hiztegi Eleaniztuna argitaratu du, Elhuyarrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera
  • Gaur goizean aurkeztu den hiztegiak garapen jasangarriari lotutako 3.600 termino eta definizio jasotzen ditu euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez
  • Ekimenaren helburua euskara aberastea eta sustatzea da, Garapen Jasangarrirako Helburuen esparruan (GJH), eta, aldi berean, herritarrak jasangarritasunaren garrantziaz kontzientziatzea.

Danobatgroupek, makina-erremintan eta fabrikazio aurreratuan erreferente den industria taldeak, beste urrats bat egin du jasangarritasunarekin, erantzunkizun sozialarekin eta euskararen sustapenarekin duen konpromiso irmoan, 2030 Agendaren Hiztegi Eleaniztuna plazaratuz.

Ekimena Eusko Jaurlaritzarekin eta Elhuyarrekin lankidetzan jarri da abian, eta hizkuntza aberastu eta sustatu nahi du, Garapen Jasangarrirako Helburuen esparruan (GIH). Aldi berean, herritarrak jasangarritasunaren garrantziaz kontzientziatu nahi ditu.

Gaur goizean egin da aurkezpena, Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan, eta bertan izan dira Jonan Fernandez, Trantsizio Sozialeko eta 2030 Agendako idazkari nagusia; Idoia Bustinduy, Danobatgroupeko komunikazio arduraduna eta Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia.

2030 Agendaren Hiztegi Eleaniztunak garapen jasangarriari lotutako 3.600 termino eta definizio jasotzen ditu euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Horiek guztiak telematikoki kontsulta daitezke www.2030agendahiztegia.eus webgunearen bidez. Glosarioaren funtsezko funtzioez gain, ezaugarri gehigarriak ematen ditu, hala nola interfazea hiru hizkuntzetako edozeinetan ezartzea edo plataformatik bertatik beste hiztegi batzuk kontsultatzea.

Konpromisoa jasangarritasunarekin

Bere izaera kooperatiboa dela eta, Danobatgroup historikoki lotuta dago jasangarritasunarekin, hazkunde ekonomikoaren, ingurumenaren babesaren eta ongizate sozialaren arteko oreka gisa ulertuta. Hala ere, 2021ean taldeak jauzi nabarmena egin zuen esparru horretan, jasangarritasuna bere ardatz estrategiko nagusietakoen artean sartuz, eta ISG irizpideak (Ingurumenekoak, Sozialak eta Gobernu Onekoak) jarduera ildo nagusi gisa hartuz bere 2021-2022 Plan Estrategikoaren barruan.

Jasangarritasunaren arloko bere estrategia abian jartzeko orduan, Danobatgroupek garapen jasangarriari lotutako kontzeptu batzuk izendatzeko terminologia espezifikorik eza antzeman zuen, eta espainierazko eta ingelesezko terminoak eta definizioak biltzen zituen glosario bat garatzen hasi zen.  

Orduan, Taldeak euskaraz lan egiteko duen konpromisoari erantzunez, terminologia hori guztia euskaraz lantzeko beharra ikusi zuen, eta, horretarako, Elhuyarrera jo zuen. Elhuyar, hiztegiak egiten duen esperientzia luzea baliatuz eta gai honetan hiztegirik ez zegoela ikusita, berehala sartu zen proiektuan, eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzaren babesa batu zitzaion.

Konpromisoa euskararekin

Hastapenetatik, Danobatgroupek sentsibilitate berezia erakutsi du euskararekin eta euskal kulturarekin, eta saiatu da pertsonek, hala nahi izanez gero, beren hizkuntzan lan egin ahal izan dezaten. 20 urte baino gehiago dira Danobatgroupek bere enpresa batean lehen euskara plana ezarri zuenetik, eta harrezkero Taldeak euskararen erabilera areagotzeko urratsak egiten jarraitu du, pertsonak gero eta euskara gehiago jakiteko motibatuz.

Gaur egun, Danobatgroupeko enpresen %100ek beren euskara planak dituzte, eta kooperatiba guztiek dute Bikain Hizkuntza Kudeaketaren Kalitate Ziurtagiria. Eusko Jaurlaritzak emandako ziurtagiri horrek euskararen normalizazio maila egiaztatzen du Taldeko enpresa guztietan, zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza gisa.

Testuinguru horretan, nabarmentzekoa da 70eko hamarkadan jada Danobatek sektoreko euskarazko terminologia hiztegi bat argitaratu zuela, eta 2000ko hamarkadan makina-erremintaren sektorerako tailerreko euskarazko lehen eskuliburu teknikoa argitaratu zuela. Argitalpen horien ondoren, 2011n jada, Taldeko enpresa guztien parte hartzearekin, Danobatgroupek sektoreko euskarazko eta gaztelaniazko Online terminologia hiztegia kaleratu zuen, gaur egun indarrean dagoena, eta esteka honetan gizarte osoarentzat eskuragarri dagoena. Hiztegiak 3.000 sarrera baino gehiago ditu, eta aldizka eguneratzen da termino berriekin.

2030 Agendaren Hiztegi Eleaniztuna jartzea beste urrats bat da Danobatgroupek jasangarritasunarekin, euskararekin eta, oro har, gizartearekin duen konpromisoan, eta, zuzenean erantzuten dio Eusko Jaurlaritzak kulturari eta hizkuntzei ikusgaitasun handiagoa emateko 2030 Agendan erantsiko duen 18. Helburuari.