Skip to main content
2018/02/21

Industriako fabrikazioan aplikatutako ikerketa bultzatzeko TECNUNek egindako proiektu bat saritu du DANOBATGROUPek

Industriako fabrikazioan aplikatutako ikerketa bultzatzeko TECNUNek egindako proiektu bat saritu du DANOBATGROUPek
  • Nafarroako Unibertsitateko Goi mailako Ingeniaritza Eskolako ikasle talde batek makina-erreminten fabrikatzailearen aitortza eskuratu du.
  • Saritutako azterketa industrian erabiltzekoak diren osagaien mekanizazioaren automatizazioari buruzkoa da.

Ikerketa teknologikoa eta fabrikazio aurreratuko prozesuetako berrikuntza bultzatzea da DANOBATGROUP enpresa taldearen helburuetako bat, eta, horren haritik, enpresa taldeak Tecnun; Nafarroako Unibertsitateko Goi mailako Ingeniaritza Eskolan Industri Ingeniaritzako Masterra egiten ari diren ikasle talde batek egindako industri garapeneko proiekturik hoberena saritzen du urtero.

Saria eskuratzeko, Masterreko 60 ikasle lantaldetan banatu behar ziren eta makina-erreminten fabrikatzaileak planteatutako erronka komun honi erantzun: makina bat diseinatzea oil&gaserako bridak fabrikazio ingurune automatizatu batean mekanizatzeko.

Lantaldeek bakoitza bere aldetik lan egin zuten planteatutako arazoa konponduko lukeen soluzio teknologiko bat garatzeko, eta atzo, otsailaren 20an, beren proiektua defendatu zuten DANOBATGROUP eta euskal talde honen berrikuntza eragile den IK4-IDEKOko profesionalek eratutako epaimahaiaren aurrean.

Epaia emateko, epaimahaiak hauek izan zituen kontuan: aurkeztutako soluzioaren ezaugarriak, proiektuaren arduradunek proiektua azaltzeko argitasuna, egindako ikerketa eta dokumentazio lana, eta irakasleek emandako jarraibideak zenbateraino bete diren.

Proiektu horiek garatuta eta sarietan parte hartuta, ikasleek benetako industri inguruneen funtzionamendua ezagutu ahal izan dute. Fabrikazio soluzio aurreratuen fabrikatzailearen instalazioan jasotako prestakuntza teoriko eta praktikoaren bitartez, gazteek ekoizpen sistemen funtzionamendua ikasi dute, bai eta industriako robotikan edo doitasunezko diseinu eta ingeniaritzan dauden azken joerak ere.

Sari hauek DANOBATGROUPek eta Tecnunek 2015eko abenduan izenpetu zuten lankidetza hitzarmenean jasotzen dira, izan ere, hitzarmenaren xedea da ikasketen munduaren eta profesionalen munduaren arteko harremanak estutzea eta ikasgelan eskuratutako ezagutzak industri fabrikazioaren benetako ingurunetara eramatea.

Sariak urtero antolatzen dira, Masterreko ikasleen bikaintasunezko prestakuntza indartzeko, haien ezagutza teknikoak bultzatzeko eta zeharkako trebetasunak, hala nola sormena eta analisirako eta taldean lan egiteko gaitasuna, sustatzeko.


DANOBATGROUPi buruz
DANOBATGROUP makina-erreminten fabrikazioan liderra da Euskadin, eta industriako fabrikaziorako soluzio teknologikoki aurreratuak eta punta-puntako zerbitzuak garatzen ditu. Taldeak 60 urte baino gehiagoko esperientzia du doitasun handiko ekipoak garatzen eta industri prozesurik zorrotzenetarako teknologiak ikertzen eta aplikatzen.


TECNUNi buruz
Tecnun-Donostiako Ingeniaritzako Goi Eskola Nafarroako Unibertsitatearen menpe dago, eta etorkizuneko ingeniariei prestakuntza profesionala, zientifikoa eta humanoa eskuratzen laguntzen die. 1961ean sortu zen, eta harrezkero irakaskuntzan, ikerketan eta gizarteari zerbitzua ematen dihardu modu orekatuan, jarduera horiek guztiak elkarren osagarri izanda.