Skip to main content
2023/12/14

Goimek kooperatibak urrezko Bikain ziurtagiria lortu du

Goimek kooperatibak urrezko Bikain ziurtagiria lortu du

Goimekeko ordezkariek atzo, abenduaren 13an, BIKAIN ziurtagiria jaso zuten Euskalduna Jauregian, Bingen Zupiria  Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua eta Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea buru izan ziren sari banaketa ekitaldian.

Goimekek bigarren aldiz hartu du parte ebaluazio prozesu honetan. 2017an erdi-mailako Bikain ziurtagiria lortu zuen, zilarrezkoa, eta 2023ko udazkeneko ebaluazio aldian, aldiz, maila gorena lortu du, hots, urrezko Bikain, 850-899 puntuazio tartearekin.

Euskara planeko azken urteetako erronka argi izan dute Goimeken: Urrezko Bikain ziurtagiria lortzea. Helburu hori lortzeko zorrotz jardun dute euskararen erabileran eta kudeaketan urrats sendoak egiten eta goi mailako ziurtagiria lortzea izan da egindako lanaren emaitza.

BIKAIN Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofiziala, publikoa eta doakoa da. Esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen du. Ziurtagiriaren hamabost urteko ibilbidean, asko izan dira ziurtagiri honen jabe egin diren erakunde publiko zein pribatuak, bai zerbitzu alorrekoak bai eta industriakoak ere.

Danobatgroupeko enpresak apustu garrantzitsua ari dira egiten kooperatibetan euskararen erabilera handitu, normalizatu eta kudeatzeko lanetan. Horren adierazgarri da enpresa taldeak gizartearekiko konpromisoaren baitan euskararekiko daukan erantzunkidetasuna, bai eta azken hogeita bost  urteetan euskararen erabilera handitzeko helburuarekin eman dituen urratsak ere. Taldea osatzen duten beste kooperatiba guztiek ere badute Bikain ziurtagiria. 

Kooperatiba taldeak euskararen normalizazio prozesuan ezinbesteko bidelagun izan nahi du, eta indarberrituta dago hizkuntzen kudeaketan lanean jarraitzeko, euskarari dagokion garrantzia eta lehentasuna emanda.