Skip to main content
2018/11/06

EUSKARAGILETU bisitaren bidez, DANOBATek ateak zabaldu ditu, bere Euskara Planaren berri emateko

EUSKARAGILETU bisitaren bidez, DANOBATek ateak zabaldu ditu, bere Euskara Planaren berri emateko

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren baitan, euskararen normalizazioan aurreratuta dauden enpresek osatzen dute Euskaragileak enpresa batzordea. Enpresa horien esperientzia gertutik ezagutzeko eta euskalduntzean urratsak ematen hasteko, Euskaragiletu programa jarri zuen martxan Kontseiluak.

Urriaren 30ean, DANOBAT kooperatibak ateak ireki zizkien beste enpresa batzuei, hizkuntzen kudeaketan garatu dituen politikak eta ekintzak aurkezteko, horiei buruzko zalantzak argitzeko eta irtenbide posibleez berba egiteko.

DANOBAT euskararen normalizazio-prozesuan urte luzez murgildutako enpresa izanik, bere esperientziaren berri eman zuen bisita gidatu horretan. Lau erakunde izan ziren bisitan parte hartu zutenak: Fagor Automation Usurbil, Eika, Gorosabel eta OBE Hettich. Giro onean joan zen bisitaldia, eta erakunde bakoitzak euskara arloan bizi dituen oztopo eta erronkei buruz eztabaidatzeko aukera ere izan zuten.

Bisita hauen balorazioa ona dela ikusita, aurrerantzean ere jarraituko dute enpresetan bisitak antolatzen.