Skip to main content
2025/12/03

Danobatgroupek bere kooperatiben Euskara Planen 25. urteurrena ospatu du

Danobatgroupek bere kooperatiben Euskara Planen 25. urteurrena ospatu du
  • Danobatgroup industria taldeak jardunaldi berezia egin du gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean, IMH Campusean eta Elgoibarko Makina Erremintaren museoan, bere kooperatibetan ezarritako lehen Euskara Planen 25. urteurrena dela eta.
  • Sorreratik, erakundeak aurrera egin du bere hizkuntza-kudeaketako ereduan, eta aintzatespen eta ekintza garrantzitsuak egin ditu euskara enpresa barruan eta kanpoan sustatzeko.


Bere ingurune sozialarekin konprometitutako erakunde kooperatibo gisa, euskara, kultura eta euskal nortasuna presente egon dira Danobatgroup industria taldearen bilakaera osoan. Bere sorreratik makina-erremintan nazioarteko lider bihurtu arte, euskararen normalizazioarekin eta sustapenarekin konpromiso sendoa izan du erakunde barruan zein kanpoan.

Mugarri nabarmena izan zen 2000. urtean, lehen Euskara Planak ezarri baitziren EMUN aholkularitzaren eskutik. Emun erreferentea da euskararen normalizazio-planen garapenean, eta gaur egun ere elkarlanean ari da taldearekin. Baina hazia askoz lehenagotik zegoen jarrita. Horren erakusgarri da 75. hamarkadan Danobat kooperatibako pertsonek makina-erremintari buruz sortutako lehen hiztegia.

Asteazken honetan, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Danobatgroupek balioan jarri du hizkuntza kudeaketan egindako ibilbidea, duela mende laurden bat taldeko kooperatibetan ezarritako lehen planen 25. urteurrena ospatzeko barne ekitaldi batean. Topaketak balioan jarri du Danobat, Soraluce, Goimek eta taldeko berrikuntza motorra den Idekoren egunerokoan euskararen erabilera eta normalizazioa modu eraginkorrean eta progresiboan integratzeko egin den etengabeko lana.


Aitortutako eredua

2000. urteaz geroztik, taldeak urratsak egin ditu aurrera urtez urte, eta, taldeko kooperatiba guztiek Bikain ziurtagiria izatea lortu dute, beste lorpen batzuen artean. Ziurtagiri horren bidez, Eusko Jaurlaritzak euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa normalizatzen duten enpresa ereduak aitortzen ditu.

Baina Danobatgroupen konpromisoa ez da barne esparrura mugatzen; askoz harago doa. Taldea aitzindaria izan da, adibidez, makina-erremintaren sektoreko hiztegi terminologikoa bezalako hizkuntza-baliabideen sorreran, aktiboki parte hartzen du euskara sustatzeko inguruko ekimenetan, hala nola Kilometroak, Korrika edo Euskaraldian, eta honako batzordeekin elkarlanean ari da aktiboki: Mondragoneko Euskara Batzordea, INDEUS, Euskaragileak eta Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordea (EAB).

Ainhoa Etxebarria eta Nerea Gartzia aurkezleek gidatuta, Danobatgroupen ekitaldian Jon Maia eta Nerea Ibartzabal bertsolariek parte hartu dute. Bertsoen bidez, bertsolari bikoteak taldearen euskararekiko bilakaera eta bizipenak errepasatu dituzte. Kooperatibetako langileek osatutako musika banda batek azken bertsoa jo du, Danobatgroupeko langile batek ekitaldirako sortutako bertsoa, alegia.

Ekitaldia IMH Campusean eta Elgoibarko Makina-Erreminta Museoan egin da, eta bi erakunde horiekin harreman historiko estua du Danobatgroupek.