DANOBATGROUPek garapen profesionalerako duen eskaintza aurkeztuko du Londresen

DANOBATGROUPek garapen profesionalerako duen eskaintza aurkeztuko du Londresen

28-09-2018
  • Urriaren 6an Be Basque Talent foroa egingo da hiriburu britainiarrean, eta industri taldeak presentzia nabarmena edukiko du bertan.
  • Jardunaldia Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu du, eta euskal enpresek eskaintzen dituzten lan aukerak ezagutaraztea du helburu.

Industri sektorea eraldaketa prozesu batean sartuta dago erabat, eta prozesu horrek eskatzen dituen profil profesionalak, prestakuntza tekniko sendoa edukitzeaz gain, beste gaitasun batzuk elkartzeko gauza ere izan behar dira, esaterako proiektuak kudeatzeko gaitasuna, etorkizuneko erronkei aurrea hartzen jakitea edo begirada nazioartean jarrita edukitzea.

Testuinguru horretan nahitaezkoa da harremanetarako sareak sortzeko guneak prestatzea, enplegua sortzen duen enpresak eta industri fabrikazioaren sektorean lan egiteko interesa duten pertsonak harremanetan egon daitezen.

Eszenatoki horretan garatzen da Be Basque Talent foroa, non DANOBATGROUP industri taldeak presentzia nabarmena edukiko baitu, stand propio batekin. Horretaz aparte, ekitaldian antolatutako hitzaldi eta elkarrizketetan ere parte hartuko du.

Urriaren 6an izango da hitzordua, Londresen, eta helburua izango da euskal enpresak une honetan kanpoan lan egiten duten profesionalekin harremanetan jartzea eta talentu kualifikatua Euskadira erakartzea.

Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimena den Bizkaia Talentek antolatu du foroa, eta bertan garapen profesionalerako ahalmenak eta planak ere aurkeztu ahal izango dituzte enpresek.

“Gure taldea talentuaren garapenarekin eta gure ekipoaren hazkunde pertsonalarekin konprometituta dago. Gure enpresa eredua ezagutarazi nahi dugu, pertsonei bideratuta egoteagatik, berrikuntzaren aldeko apustua egiteagatik eta nazioarteko bokazioa edukitzeagatik ezaguna baita”, ziurtatu du DANOBATGROUPeko Kudeaketa Sozialeko zuzendari Iker Usabiagak.

Haren iritziz, interesgarria da Be Basque Talenten moduko ezaugarriak dituzten ekitaldietan parte hartzea; izan ere, une hauetan “profil oso interesgarriak daude atzerrian lan egiten, eta horiek ezagutza oso espezializatuak ez ezik lan kultura eta nazioarteko orientazio oso aberasgarria ere eman ahal diezaiokete gure erakundeari”.

Usabiagak adierazi du foroan parte hartzearen helburuetako bat dela “taldeak epe motzera eta ertainera dituen langile premien berri ematea eta lehen harreman bat ezartzea kontratazioak ixten saiatzeko edo aurrerako enpresarako egokiak izan daitezkeen profilak dituzten pertsonak ezagutzeko”.

Erakusketa gunean presente egoteaz gain, taldeak, foro honetan egongo den elkarren segidako bigarren urte honetan, hitzaldietan, elkarrizketan eta programatutako beste jarduera batzuetan parte hartuko du atzerrian dagoen talentuarekin komunikatzeko bideak ezartzeko asmoarekin.

DANOBATGROUPek, makina-erreminten eta ekoizpen sistema teknologikoki aurreratuen fabrikazioan espezializatuta baitago, 1300 profesionaleko plantilla bat dauka.

Taldeak proiektu berritzaileetan eta testuinguru internazionaletan garatutakoetan parte hartzeko aukera eskaintzen du; hau da, bere giza taldeari trebakuntza bikaina eta enplegagarritasun maila handia bermatzeko moduko ezaugarriak eskaintzen ditu.