Skip to main content
2020/03/30

Danobat-Overbeckek doitasun handiko artezteko makina malgu bat garatu du Hyperion Materials & Technologies fabrikatzailearentzat

Danobat-Overbeckek doitasun handiko artezteko makina malgu bat garatu du Hyperion Materials & Technologies fabrikatzailearentzat

Erronka

Bi piezako aluminiozko edari latak horma luzatzeko eta lisatzeko teknikaren (DWI) bidez fabrikatzeko prozesuan ezaugarri desberdineko hainbat trokel erabiltzen dira. Lisatze prozesuan puntzoiak eta eraztunak behar dira, lataren gorputza eratuko duen katilu bat marrazteko eta lisatzeko.

Honelako matrizeak artezketa prozesu oso zorrotz baten bitartez fabrikatzen dira, izan ere, perdoi geometriko eta dimentsionalak bermatu behar dituzte milimetro milarenako doitasunarekin eta sub-mikra akaberaren kalitateekin. Gainera, matrizeak eta puntzoiak higadura mekaniko handia eduki ohi dute, ekoizpen prozesuan pairatzen duten marruskadura handiengatik; beraz, horien lehengoratzea da funtsezko beste elementu bat.

Testuinguru honetan, Hyperion Materials &Technologies fabrikatzaileak intentsitate txikiagoko ekoizpen mailei erantzuteko gaitasuna edukiko zuen artezteko makina zehatz, malgu, eta pertsonalizatu bat eskatzen zuen.

Soluzioa

Erronkari erantzuteko, Danobat-Overbeckek giltza eskura erako soluzio bat garatu du, zeina teknologikoki aitzindaria den eta emaitzen sendotasuna eta kalitatea bermatzen duen.

Garapena granitozko oinarri baten gainean dago, zeinak multzoari egonkortasun handia ematen dion eta ekoizpen prozesuan sortzen diren bibrazioak gehiago xurgatzen dituen.
Era berean, makinaren X eta Z ardatzak motor linealen bitartez eragiten dira, eta pieza buruaren ardatzak eta torlojuak daramatzan dorrea, berriz, motor zuzenen bitartez eragiten dira. Prestazio horiek emaitzen errepikakortasuna bermatzen dute, bai eta mantentze lanak gutxiago izatea ere, ez baita higadura mekanikorik gertatzen.

Soluzioak pieza buru bat dauka, eta garapen propioko software bat, beharrezkoa den doitasuna bermatzeko funtsezko osagaiak baitira. Gainera, malgutasun handia dauka, erreferentzia aldaketa azkar eta erraz egiteko, eta horri esker bere produktibitatea handia da eta metal gogorreko piezen fabrikazioaren zikloa laburragoa.

Balio erantsia

Soluzio hau lantzeko, Danobat-Overbeckek trebakuntza handiko lantaldea jarri du Hyperionen esku. Softwareko ingeniariek eta adituek osatutako lantaldea izan da, prozesuaren eta makina arkitekturaren garapenean duen ezagutza jarri duena, eta hori izan da konpainia merkatuko lidergoan kokatu duen teknologia, 1.000 erreferentzia baino gehiago baititu instalatuta eta presentzia handia nazioartean.

Enpresa bien arteko aliantza funtsezkoa izan da giltza eskura erako proiektu bat gauzatzeko, non prozesuaren etapa guztiak sartzen baitira, hasi aurretiko ingeniaritzatik eta mantentze lan eta salmenta osteko estrategien diseinuraino.

Eskatutako emaitzak bermatzeko, Danobat-Overbeckek Hyperionen adituekin batera egin du lan, beren premiei erantzuteko eta soluzioak bere bizitza baliagarrian funtzionamendu egokia eduki dezala lortzeko.