
DANOBATGROUP, WORKinn industriako enpleguaren foroan partaide
DANOBATGROUPek bigarren urtez jarraian parte hartuko du WORKinn enplegu foroan. Hitzordua ekainaren 7an eta 8an izango da, Bilbao Exhibition Center azoka esparruan, eta bere helburua da industri enpresa ezagunen eta sektoreko profesionalen arteko harremanak sendotzea.
Foroak, zeina industriako fabrikazioari lotutako beste hainbat azoka, hala nola Addit 3D eta Maintenance Bilbao, egiten ari diren une berean egingo baita, ingeniaritzako eta fabrikazioko adarretan espezializatutako talentu berriak identifikatzeko gune bat izan nahi du, baina beste zeregin ere badu, sektore pribatuaren posizionamendua bultzatzeko lekua izatea, sektore pribatua kalitateko enplegu eragilea den heinean.
Azoka honen baitan, DANOBATGROUPek bere standa edukiko du, eta han hazteko aukera berrien bila ari diren profesional sendoek eta bere burua prestatzen ari diren ikasleek ezagutu ahal izango dituzte zer aukera ematen dituzten makina-erreminten fabrikatzaileek karrera profesional sendo bat garatzeko, balio erantsi handiko proiektuetan elkarlanean aritzeko eta ingurune multikulturaletan lan egiteko, non pertsonak funtsezko zutabea baitira.
Gainera, azokak aukera emango die parte hartzaileei industri talde baten errealitatera hurbiltzeko. Hurbiletik ezagutu ahal izango dute izaera berritzailea eta garapen teknologiko handia duen industri talde bat, eta baita industria taldeak aktibo dituen enplegu eskaintzak taldeko enpresa ezberdinetan DANOBAT, SORALUCE, GOIMEK edo LATZ besteak beste. Giza Baliabideetako departamentuko ordezkariekin ere egoteko aukera izango da, eta nahi izanez gero CV entregatu.
“Erabat kualifikatutako enplegua sortzen duen enpresa izateko bokazioa dugu eta horrek eraman gaitu WORKinn-en parte hartzera. Gure konpainia nazioarteratuta dago guztiz, eta horrek karrera egonkorra garatzea ahalbidetzen du, baita hainbat herrialdetan esperientza eskuratzea ere. Aldi berean, ordea, konpromiso lokal handia dugu eta konpromiso horrek eramaten gaitu Euskadin presentzia irmoa edukitzera, non 900 pertsonari ematen baitiegu enplegua", ziurtatu du DANOBATGROUPeko Giza Baliabideetako zuzendari Ainhoa Fernandezek.
WORKinn-en ez ezik, Taldea beste enplegu foro ezagunetan ere egon da, hala nola Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskola (Tecnum) eta EHU/UPV erakunde akademikoek antolatutako ekimenetan.
Plantillan 1300 profesional edukita, horien erdiak baino gehiagok unibertsitate ikasketak dituztelarik, DANOBATGROUP nabarmendu egiten da talentua prestatzeko eta hezkuntza komunitatearekin harremanetan egoteko duen konpromisoagatik.
Irakaskuntza zentroekin eta unibertsitateekin elkarlanean aritzeaz gain, DANOBATGROUPek prestakuntzaren eta trebakuntzaren alde egiten du, eta Muntatzaileen Tailer Eskolan gauzatzen du erronka hori. Bere prestakuntza zentro propioa da, eta bertan Lanbide Heziketa Duala da nagusi, prestakuntza eta lana txandakatuz.