Nazioartekotzeak eta sektore dibertsifikazioak Danobatgroupen bilakaera positiboa sostengatu dute
-
Industria taldearen fakturazioa %6 hazi da eta 366 milioi eurora iritsi da 2025ean.
-
Danobat eta Soraluce enpresa fabrikatzaileen balio erantsi handiko proiektuen esportazioak izan dira emaitza positibo horren giltzarri, eta Estatu Batuak esportazio horien lehen postuan daude.
-
Sektore aeroespaziala jardueraren motor nagusi gisa finkatu da, eskaera guztien %31 sektore horretakoak baitira, eta energiaren sektorearen pisua bikoiztu egin da, %13ra iritsita.
Ziurgabetasun geopolitiko globalak, berrikuntza teknologikoaren azelerazioak eta lehiakideen eta, batez ere, Txinako lehiakideen gero eta presio handiagoak 2025eko ekitaldia baldintzatu dute Europako ekonomiarako. Eta makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren industria ez da testuinguru horretatik kanpo geratu.
Agertoki horretan, errotutako nazioartekotzeari eta sektore dibertsifikazioari esker, Danobatgroup euskal industria taldeak goranzko joerari eutsi dio eta urtea 366 milioi euroko fakturazioarekin itxi du; hau da, aurreko urtearekiko %6tik gorako hazkundearekin.
Balantze positibo horren oinarrian dago Danobat eta Soraluce enpresa fabrikatzaileek nazioartean duten jarduera handia, balio erantsi handiko proiektuen salmenten %90 baino gehiago kanpoko merkatuetara bideratuta izan direlako. Bereziki nabarmentzekoa da Estatu Batuetako dinamismoa, guztizkoaren %19 han egin baita. Aurreko ekitaldian erregistratutako datua baino hiru puntu gehiago izan da. Europako merkatu nagusiek, esaterako, Alemaniak (%13) eta Italiak (%8), hobera egin dute azken ekitaldiekin alderatuta, baina oraindik ez dira maila historikoetara iritsi, eta teknologien arabera portaera desberdina izan dute.
Sektoreka, sektore aeroespazialak 2025ean abiada hartu du, eta gaur egun taldearen jardueraren motor nagusi gisa finkatu da, eskaera guztiekiko %31ko kuota lortuz.
Sendotasun hori indartu egiten da beste jarduera arlo batzuekin: tradizionalki taldearen sektore nagusia izan den ekipoko ondasunen eta ingeniaritza orokorraren arloan bilakaera positiboa izan da (%23); eta energiaren sektorearen pisua bikoiztu egin da, %13ra iritsita. Igoera hori gaur egungo inbertsio faseak bultzatuta gertatu da, energia kontsumo globalak gora egingo duela aurreikusten baita, neurri batean datu zentroen eta adimen artifizialaren beharrek eraginda.
Bilakaera hori, neurri handi batean, Danobatgroupeko enpresek exijentzia handiko proiektuetan eta nitxo teknologiko estrategikoetan duten espezializazioak ekarri du, bai eta konplexutasun handiko ekimenetan nazioarteko bezeroei laguntzeko gaitasuna izateak ere; Estatu Batuak moduko merkatu giltzarrietan duen presentzia sendoak lagunduta.

Merkatu eta sektore horietako posizionamendua berritzeko ahalegin etengabeari esker mantendu ahal izan da; azken ekitaldian urteko fakturazioaren %9 bideratu baita berrikuntzara. Ideko bere partner teknologikoaren jarduera funtsezkoa izan da; izan ere, taldearen I+G+b-ren motorra da, eta berrikuntza sortzeko eta Danobatgroupeko negozioetara transferitzeko gakoa.
Inbertsioen esparruan, taldeak inbertitzeko apustu sendoari eutsi dio aurreko ziklo estrategikoan 80 milioi euro gainditu ondoren. 2025ean, 10 milioi euro baino gehiago bideratu dira inbertsioetara, modernizazioaren eta gaitasunak indartzearen aldeko apustu irmoa mantenduz, eta Danobat, Soraluce eta Goimek kooperatiben instalazioetan lehiakortasuna hobetzeko eta merkatuaren eskaera berriei erantzuteko jarduera garrantzitsuak egin dira.
Danobatgroup sendo dago oraingo ekitaldiari aurre egiteko; izan ere, 350 milioi eurotik gorako eskaera zorroa du, eta 2026rako eta 2027aren aldi baterako proiektuak ditu. “Zorro sendoa dugu, datozen ekitaldietan garatuko diren balio handiko proiektuekin, eta horrek gure jarduera oinarria indartzen du. Hala ere, kontziente gara aurreikuspen horiek erronkaz betetako testuinguru bereziki konplexuan egin direla, eta, beraz, zuhurtziaz eta erantzukizun handiz heltzen diegu”, adierazi du Nerea Aranguren taldeko zuzendari nagusiak.
Plan Estrategikoaren alorretan aurrera
Emaitza ekonomiko-finantzarioetatik harago, Danobatgroupek 2025ean aurrera egin du 2025-2028 aldirako duen bide orria markatzen duten ildo estrategikoak gauzatzen: berrikuntza teknologikoa, zerbitizazioa, dibertsifikazioa eta nazioartekotzea, adimen artifiziala, jasangarritasuna eta talentua ardatz transbertsal gisa hartuta.

Mugarri batzuk nabarmentzekotan, besteak beste, Danobatek fabrikaziorako doitasuneko roboten gama berriaren abiaraztea, dBOT; Soraluceren Krones bezeroarentzako garatutako balio estrategiko handiko automatizazio adimenduneko sistema, Makina-Erremintaren Nazioarteko azken Biurtekoan berrikuntza saria jaso zuena, hain zuzen; edo Goimekek sektore aeroespazialerako garatutako doitasuneko mekanizazioko proiektuak.
Adimen artifizialaren esparruan, Danobatgroup hiru zutabe nagusiren inguruan ari da lanean: barne prozesuetan aplikatzea, batez ere produktibitatea eta eraginkortasun operatiboa hobetzera bideratuta; erabilera kasu espezifikoak garatzea erakundearen hainbat arlo optimizatzeko; eta merkaturako balio proposamenean integratzea, bezeroei balio erantsi handiagoa eskaintzeko.
Aurrerapen horiek taldearen pertsonen dimentsioan eta lurralde errotzearekiko eta talentuarekiko konpromisoan islatzen dira. Danobatgroupek 1.492 pertsonarekin amaitu zuen 2025a. Horietatik 1.000tik gora Euskadin garatzen dute beren jarduera, kalitatezko enpleguaren eta ingurunearen garapenaren aldeko apustua sendotuz.
Danobatgroupi buruz
Industriako fabrikazioari aplikatutako teknologikoen alorrean 70 urteko ibilbidea eginda, Danobatgroupek trebakuntza handiko 1.492 lagunek osatutako plantilla bat dauka, eta 366 milioi euroko fakturazioa. Taldea Mondragon Korporazioko kide da, makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren sektorean nazioarteko erreferentea da, eta Danobat, Soraluce eta Goimek dira bere enpresa nagusiak.
