Goimekek Marteko konkistan hartu du parte

Goimekek Marteko konkistan hartu du parte

02-03-2021
  • Danobatgroupeko doitasun handiko mekanizazio-enpresak otsailaren 18an planeta gorrira iritsi zen Perseverance robot esploratzailearen antenetako bat garatzen lagundu du
  • Goimek robot esploratzailearen HGAG antena mugitzen duen mekanismoaren egiturazko piezak fabrikatzeaz arduratu da, roverraren eta Lurraren arteko zuzeneko bi noranzkoen komunikazioa ahalbidetzen duena, hain zuzen ere

 

Joan den otsailaren 18an aurrerapen teknologikorako eta giza ezagutzarako garrantzi handiko gertaera bat bizi izan genuen: Perseverance robota Marteren azalera iritsi zen NASAren Mars 2020 misioari hasiera emateko. Bidaia honetan, Danobatgroupek presentzia nabarmena du; izan ere, industria taldeko Goimek enpresak, roverraren antenaren fabrikazioan lagundu baitu. Ibilgailu horrek, planeta gorrian zehar dabilen bitartean, planetaren iragan geologikoari buruzko datuak bilduko ditu, haren gainazaleko soinuak erregistratuko ditu eta bizitza-zantzuak ere bilatuko ditu.

Zehazki, Goimek egiturako piezak fabrikatzeaz arduratu da. Titanioz eta aluminiozko piezak izan dira, geometrikoki oso konplexuak, eta doitasun handikoak, irabazi handiko antenak (HGAG, ingelesezko siglengatik), Perseverance robotak komunikazioetarako dituen hiru antenetako batek, apuntatzeko duen mekanismoari dagozkionak, hain zuzen ere. Lan hori Sener Aeroespacial enpresarentzat egin da, antena hori mugitzen duen mekanismoa diseinatu, fabrikatu, egiaztatu eta integratu baitu bere bezero den Airbusentzat, sistemaren kontratista nagusiarentzat.

Era berean, doitasun handiko antena honek roverraren eta Lurreko jarraipen estazioen arteko zuzeneko komunikazioa ahalbidetzen du, bi noranzkoan, tarteko sateliteetatik pasa beharrik gabe. Besteak beste, goizero Lurretik jarraibideak bidaltzeko erabiltzen da, robotak egunero egin behar dituen zereginekin.

“Guretzat erronka handia izan da proiektu honetan parte hartu izana, eta baieztatu dugu ingeniaritzan, produkzioan eta kalitatean espezializatutako profesional-talde bat dugula, mekanizazioari eta metrologiari buruzko ezagutza handia duena, eta ezinbesteko baldintzak direla sektore aeroespazialak eta Sener Aeroespacial bezalako bezeroek eskatzen duten zehaztasun handia bermatzeko", ziurtatu du Marc Souto Goimekeko zuzendari komertzialak.


Lurrarekin komunikatzeko doitasun handia

Pieza horiek egiteko orduan, kontuan hartu dira, batetik, haien geometria, mekanismoaren funtzionamendu egokia bermatzeko, eta, bestetik, kostuak aurrezteko material arinak erabiltzea, baina, aldi berean, oso zorrotzak eta iraunkorrak izatea, Marteren muturreko tenperaturei aurre egiteko.

"Robotaren antenarako egin ditugun pieza mekanizatuak, gehienbat, aluminiozko piezak dira, oso horma mehe eta doitasun handikoak, tolerantzia oso estuak eta hustu handiak dituztenak pisua arindu ahal izateko, eta berebiziko garrantzia dute espaziora bidaltzen diren gailuetan kostuak aurrezteko", gaineratu du Jon Garcia Goimekeko sektore aeroespazialeko arduradunak.

Aluminiozko piezez gain, titaniozko piezak ere egin ditu Goimekek, mekanizatzeko orduan zaila eta gogorra den materiala izanik material hau maneiatzeko esperientzia zabala behar da.

Kooperatibak 30 urte baino gehiagoko ibilbide luzea du sektore aeroespazialean. Gaur egun espazioko misio garrantzitsuetan ari da parte hartzen, pieza konplexu eta kritikoen fabrikazioan ekarpena eginez Juice, Jupiter Icy Moons Explorer (Jupiterren ilargi izoztuen esplorazioa) edo Solar Orbiter, SolO (NASAren Europako Espazio Agentziak, ESA, garatutako eguzki-behaketaren satelite zientifikoa) bezalako proiektuetarako.

 

Goimeki buruz

Goimek zehaztasun handiko mekanizazioan eta mekanizazio lan handietan espezializatutako enpresa da, 50 urte baino gehiagoko esperientzia du, eta irtenbide integral eta espezializatuak eskaintzen dizkie sektore hauetako bezeroei: aeroespaziala, makina-erreminta, energia eolikoa eta ekipamendu-ondasunak, besteak beste. Danobatgroup enpresa-taldeko kide da, eta mekanizatutako piezen hornidura-katearen behar guztiak biltzen ditu, lehengaia erosten denetik mekanizatutako piezak egiaztatu eta ziurtatzen diren arte.

Danobatgroupi buruz

Danobatgroupek 65 urteko ibilbidea egin du industria-fabrikazioari aplikatutako teknologien arloan, eta 1.300 langile baino gehiago ditu, kualifikazio handikoak. Taldea erreferentziazko eragilea da nazioartean makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuko soluzioen sektorean.