Skip to main content
2023/07/21

Danobatgroupek eta Fagor Automationek Wooptix start up-ean inbertitu dute erdieroaleen esparruan sakontzeko

Danobatgroupek eta Fagor Automationek Wooptix start up-ean inbertitu dute erdieroaleen esparruan sakontzeko
  • Danobatgroup industria taldea, makina-erremintaren diseinuan eta fabrikazioan eta fabrikazio aurreratuan espezializatutako taldea, eta Fagor Automation, makinen automatizazio eta kontrolerako produktuen garapenean eta fabrikazioan erreferentea, Mondragon Korporazioarekin aliantza eginez, Wooptix konpainiaren kapitalean sartu dira finantzaketa erronda baten bidez.
  • Wooptix aditua da erdieroaleen metrologian uhin fronteko faseko irudiak erabiltzen. Astronomiako optika moldakorraren gaineko ikerketak emandako teknika bat da hori.

 

 

Negozio aukera berriak esploratzeko misioarekin, Danobatgroup eta Fagor Automation, Mondragon Korporazioaren laguntzarekin, Tenerifeko La Lagunako Unibertsitatearen lehen spin-off enpresaren kapitalean sartu dira. Wooptix erdieroaleen metrologian espezializatutako enpresa da, eta finantzaketa erronda baten bidez sartu dira haren kapitalean.

Finantzaketa erronda hau Bullnet Capital eta CDTI (Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroa) egungo inbertitzaileek gidatu dute eta Danobatgroup, Fagor Automation, Mondragón Promotion Fund eta European Innovation Council Fund (EIC) bezalako inbertitzaile berriek babestu dute. Intel Capitalek ere hartu du parte, konpainiaren egungo inbertitzaileak.

Wooptixekin egindako aliantzaren helburua da Danobatgroupen eta Fagor Automationen dibertsifikazioaren aldeko apustua sendotzen jarraitzea, joera teknologikoen zaintza eta analisia eginez, negozio aukera berriak identifikatu eta etorkizuneko erronkei aurrea hartzeko helburuarekin.

Kanarietako enpresa, La Lagunako unibertsitatean sortu zen, astrofisikako esperientziatik, argia osorik harrapatzen duen teknologia baten bidez espazioan irudiak hartzen. Light Field eta Wavefront Phase teknologiei esker (argi eremua eta uhin fronteko fasea), Wooptixek formula eta patente propioak garatu ditu hainbat soluzio eta produktutan aplikatzeko. Teknologia hain nuklearra denez, eremu askotan aplika daiteke.

Horren adibide dira erdieroaleentzako fabrikazio aurreratuaren esparruan dituzten soluzioak, non uhin fronteko faseko irudiak sortzea erabiltzen duten erdieroaleen metrologiarako teknika berri gisa, olaten geometria neurtzeko. Milisegundo gutxi batzuetan milioika datu puntu harrapatzen dituzte, subnanometroetako altuera doitasunarekin eta beste edozein teknikak baino bereizmen espazial handiagoarekin.

Eremu horretan, hau da, erdieroaleen arloan sakondu nahi dute eta negozio aukerak ikusi nahi dituzte bai Danobatgroupek bai Fagor Automationek, lankidetza horri esker. Eremua ezaguna da bi erakundeentzat. Batetik, Fagor Automationek ibilbide nabarmena du erdieroaleen industriarako ekoizpen eta neurri ekipamenduak garatzen, eta Danobatgroupek, berriz, industria horrekin loturak ditu Hembrug Danobaten enpresa subsidiarioaren bitartez, izan ere, Hembrugek doitasunezko torneaketa soluzioak diseinatzen eta fabrikatzen ditu erdieroaleetan sartu ohi diren pieza kritikoen mekanizaziorako.

“Wooptix teknologia oso disruptiboa duen enpresa bat da, eta, astrofisikaren mundutik sortu bazen ere, bere aplikazioa moldeak apurtzen ari da beste eremu askotan, hala nola erdieroaleen eremuan. Hazkunde betean dagoen eta ahalmen handia duen sektorea da, eta guk, enpresa industrial garen heinean, industrializazio fasean lagundu ahal diogu, gure kontaktu sarearekin eta gure ezagutzekin ekarpena eginez. Era berean, lankidetza horrek aukera emango digu teknologia eta aplikazio eremua hurbilagotik ezagutzeko eta, horrela, negozio aukera berriak identifikatu ahal izateko”, baieztatu du Nerea Aranguren Danobatgroupeko berrikuntza zuzendariak.

 “Fagor Automationen, berrikuntzan etengabe inbertitzea gure enpresa kulturan errotuta dugun zerbait da. Eremu teknologikoan aurrera egiteko modu berriak bilatzeko konpromisoa dugu, eta, horretarako, Wooptixekin elkarlanean ari gara, gure horizonteak teknologia berrietara zabalduz. Gure helburua da erdieroaleen sektorean barneratzea, sektorea sakonago ulertzeko. Horrek aukera emango digu gure bezeroei soluzio berritzaileak eskaintzeko, kaptazio eta automatizazio arloan ditugun gaitasun zabaletan oinarrituta”, adierazi du Jose Emilio Otik, Fagor Automationeko I+G zuzendariak

Operazioan Mondragon Korporazioaren Sustapen Zentroak parte hartzen du, start upetan inbertitzeko duen arriskuko kapital funtsaren bidez, izan ere, tresna hori erabiltzen da Mondragon Korporazioa osatzen duten kooperatiba guztiei erronka berriei heltzen, eraldaketen arabera eboluzionatzen eta merkatuan duten posizionamendua handitzen laguntzeko.

Danobatgroupi buruz

Industriako fabrikazioari aplikatutako teknologikoen alorrean 65 urteko ibilbidea eginda, Danobatgroupek trebakuntza handiko 1.400 pertsona baino gehiagok osatutako plantilla bat dauka. Taldea erreferentziako eragilea da nazioartean, makina-erreminten sektorean eta industriako fabrikazioari aplikatutako teknologietan.

Fagor Automationi buruz

30 ordezkaritza propiorekin eta 40 banatzaile baino gehiagorekin mundu osoan banatuta, Fagor Automation gaur egun da makina-erremintaren enpresa liderretako bat maila globalean. Kalitatearekin, berrikuntzarekin eta bezeroaren gogobetetzearekin duen konpromisoagatik nabarmentzen da. Teknologia aurreratuenaren eta bezeroentzako zerbitzuaren bikaintasunaren aldeko apustu etengabeak erreferente bihurtu du Fagor Automation automatizazio sektorean.

Mondragon Korporazioari buruz

Izaera kooperatiboko enpresa talde bat da, merkatu globalean lehiatzen diren ehun kooperatiba biltzen ditu, eta pertsonen protagonismoa eta aurrerabidearekiko konpromisoa ardatz dituen enpresa eredu bat du. Finantzak, Industria, Banaketa eta Ezagutza dira MONDRAGONeko kooperatiben negozio arloak. Salmenta agregatuak 10.500 milioi eurotik gora dira, 70.000 pertsonako plantillarekin. 

Wooptixi buruz

Wooptix aditua da erdieroaleen metrologian uhin fronteko faseko irudiak erabiltzen. Astronomiako optika moldakorraren gaineko ikerketak emandako teknika bat da hori.
Konpainiak Phemet® garatu du. Silizio olatak neurtzeko tresna bat da, eta 2024rako espero den fabrikazio tresna erabat automatizatuaren aurreko bertsioa da.
Wooptix 2016an sortu zen Kanarietako Astrofisika Institutuari (IAC) lotuta dagoen La Lagunako Unibertsitatearen Spin Off gisa. Gaur egun, Tenerifen, Madrilen eta San Frantziskon ditu egoitzak.