Skip to main content
2025/12/01

Danobatgroup-ek euskararen eguna ospatzeko lehiaketa kaleratu du aurten berriz ere

Danobatgroup-ek euskararen eguna ospatzeko lehiaketa kaleratu du aurten berriz ere
  • Euskaraz izango gara leloa mantenduz, aurten ere Danobatgroup kooperatiba taldeak Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko lehiaketa antolatu du. Lehiaketa kooperatiba taldeak lantegiak dituen herrietako herritarrei eta orokorrean gizarte osoari zuzenduta dago.
  • Orain 25 urtetik hona ari da kooperatiba taldea bere egunerokotasuna euskaraz izateko lanean, eta Euskaraz izango gara leloak modu argian jasotzen du erabaki eta konpromiso hori.
  • Esku artean dugu hurrengo ziklo estrategikorako 2025-2028 euskararen plan estrategikoa, eta onartutako erronka eta helburuen markoan kokatzen da lehiaketa.

Danobatgroup industria taldea espezializatuta dago makina-erreminten fabrikazioan, balio erantsi handiko osagaien fabrikaziorako garapenetan, giltza eskura erako ekoizpen sistemetan eta zerbitzu teknologikoki aurreratuetan. 

Taldea fabrikazio aurreratuaren esparruan erreferenteak diren Danobat, Soraluce eta Goimek enpresek osatzen dute, eta Ideko bere partner teknologikoarekin batera.
Danobatgroupek harreman sare zabala du eta lanerako hizkuntza asko erabili eta kudeatzen ditu. Baina Euskal Herriko lantegietako langile, hornitzaile, bezero, ikastetxe, administrazio eta abarrekin euskara erabiltzeko erabakia hartua du, eta horren adierazgarri dira taldeko kooperatiba guztietan euskararen erabilera bultzatzeko dituen planak eta lortutako Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak.

Euskaraz izango gara da Danobatgroupek etorkizunerako aurreikusten duen agertokia, eta hori errealitate bihurtzeko lanean ari da, bai eguneroko lanean, ikerketa eta garapenean, teknologia berrietan, elkarren arteko harremanetan… Baina, egunerokotasunetik haratago, gizarteari ere euskararekiko duen konpromisoaren berri eman nahi dio Danobatgroupek. Ildo horretan, Danobatgroupek inguruan garatzen diren hainbat ekimenetan parte hartzen du, eta ekimen sozial horietako askoren sustatzailea ere bada.

Aurten, gainera, Danobatgroup-ek mugarri berezia ospatuko du: 25 urte bete dira taldeko enpresetan euskara plana martxan jarri zenetik. Urteurren hori gogoratzeko, abenduaren 3an –Euskararen Nazioarteko Egunean– ekitaldi interno berezi bat egingo da, konpromisoaren historia eta etorkizuna azpimarratuz. Era berean, egun horren garrantzia azpimarratzeko eta gizartearekin konpromisoa partekatzeko, kooperatiba taldeak aurten berriz ere Euskararen Eguna ospatzeko lehiaketa antolatu du. Lehiaketa enpresak dituen herrietako herritarrei eta oro har gizarte osoari zuzenduta dago.


Lehiaketan parte hartzeko, ondorengo helbidean sartu behar da:
Euskararen Eguna 2025 Lehiaketa Publikoa

Lehiaketan parte hartzeko azken eguna abenduaren 3a izango da, eta erantzun zuzena eman dutenen artean Belaustegi Baserrian 2 pertsonentzako bazkaria zozkatuko da.