Skip to main content
2026/11/17

Danobatgroupek Euskararen Nazioarteko Eguneko lehiaketa jarri du martxan

  • Euskaraz izango gara lelopean, Danobatgroup kooperatiba taldeak Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko kanpo lehiaketa antolatu du aurten ere.
  • Lehiaketan parte hartzen dutenen artean, Izarok otsailaren 27an Bilboko Euskalduna Jauregian eskainiko duen kontzerturako bi sarrera zozkatuko dira.
  • Duela 26 urtetik ari da Danobatgroup euskara lan-hizkuntza gisa indartzen, eta Euskaraz izango gara leloak modu argian jasotzen du konpromiso hori.

Danobatgroup makina-erremintaren, fabrikazio aurreratuaren eta teknologia industrialaren arloan diharduen kooperatiba taldea da. Danobat, Soraluce, Goimek eta Ideko kooperatibek osatzen dute taldea.

Bere jardueraren nazioarteko izaerak hizkuntza askoren erabilera eta kudeaketa eskatzen baditu ere, Danobatgroupek apustu argia egiten du euskararen alde Euskal Herriko lantegietan, langileekin, hornitzaileekin, bezeroekin, ikastetxeekin eta administrazioekin dituen harremanetan.
Konpromiso hori ez da berria. Duela 26 urtetik ari da taldea euskara bere eguneroko jardunean txertatu eta indartzen. Ibilbide horren emaitza dira taldeko kooperatibetan martxan dauden euskararen planak eta lortutako Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak.

Aurtengo lehiaketak Euskaraz izango gara leloa mantentzen du. Lelo horrek taldearen etorkizunerako ikuspegia eta konpromisoa islatzen ditu, eta bat egiten du gaur egun indarrean dagoen 2025-2028 Euskararen Plan Estrategikoaren helburuekin.

Euskaraz izango gara Danobatgroupek etorkizunerako irudikatzen duen agertokia da: euskara gero eta presenteago egotea eguneroko lanean, berrikuntzan, ikerketa eta garapenean, teknologia berrietan eta pertsonen arteko harremanetan.

Barne-erabileratik harago, Danobatgroupek euskararekiko duen konpromisoa gizartearekin ere partekatu nahi du. Horregatik, inguruan garatzen diren hainbat ekimen sozial eta kulturaletan parte hartzen du, eta horietako askoren sustatzaile ere bada. Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, aurten ere lehiaketa ireki du taldeak, bere jarduera garatzen duen herrietara eta gizarte osora zabalik.


Lehiaketan parte hartzeko, ondorengo helbidean sartu behar da: Lehiaketan parte hartu.

Parte hartzeko epea abenduaren 3ra arte egongo da zabalik. Galdera zuzen erantzuten dutenen artean, Izarok 2027ko otsailaren 27an Bilboko Euskalduna Jauregian eskainiko duen kontzerturako bi sarrera zozkatuko dira.