Skip to main content
2021/10/27

Danobatgroupek etorkizuneko joera teknologikoak aztertuko ditu Global Innovation Day 2021 jardunaldian

Danobatgroupek etorkizuneko joera teknologikoak aztertuko ditu Global Innovation Day 2021 jardunaldian
  • Pello Rodriguez industria taldeko zuzendari nagusiak parte hartuko du Berrikuntzaren Euskal Agentziak −Innobasque− antolatutako ekimenaren hamargarren edizioan
  • Jardunaldia azaroaren 3an izango da Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren, Iñigo Urkullu lehendakaria bertan dela, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da

 

Zein dira EAEko eta Europako industria sarean berrikuntzaren etorkizuna markatuko duten joerak? Nola alda ditzake berrikuntzak iraunkortasuna, teknologia digitalak, garapen sozialarekiko konpromisoa eta pareko esparruak? Horiek dira datorren azaroaren 3an Global Innovation Day jardunaldiaren hamargarren edizioan erantzuten ahaleginduko diren galderetako batzuk. Danobatgroup industria taldeak presentzia nabarmena izango du bertan.

Hitzordua Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren izango da, eta, han, ‘Etorkizuneko elkarrizketak: berrikuntzako joerak Euskadin eta Europan’ mahai ingurua izango da, non Danobatgroupeko zuzendari nagusi Pello Rodriguezek parte hartuko duen.

12:10erako programatutako mahai inguruan, makina-erremintaren arloko enpresaren zuzendariak Euskadin eta Europan sortzen ari diren berrikuntzako joerak eta I+G zein berrikuntza sustatzeko tresna berriak aztertuko ditu.

“Global Innovation Day jardunaldian dugun presentziak argi uzten du berrikuntzaren aldeko apustua egin dugula, industria sektorearen eraldaketa digitalerako ezinbesteko tresnatzat baitaukagu. Danobatgroupen, berrikuntza ez da soilik gure bezeroen beharretara egokitutako produktu aurreratuak eta zerbitzuak garatzeko bidea ematen digun baliabidea; aitzitik, gure DNAn integratuta dago eta manufacturingari aplikatutako garapen teknologikoa ulertzeko gure moduaren parte da”, ziurtatu du Rodriguezek.

Rodriguezekin batera, elkarrizketa honetan parte hartuko dute Bea Mahieu Technopoliseko bazkideak, Ivan Marten Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko presidenteak, Iñaki Garmendia Ega Masterreko Industria zuzendariak eta Leire Bilbao Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak.

“Berrikuntza abian da Euskadin” lelopean, Dani Alvarez kazetariak aurkeztuko du Global Innovation Day jardunaldiaren hamargarren edizioa, eta streaming bidez emango da zuzenean.

Innobasquek antolatutako euskal berrikuntzaren hitzordu handi honek euskal berrikuntzaren balioa azpimarratuko du, eta Euskadi lurralde berritzaileen artean kokatuko du. Azkenik, IñigoUrkullu Lehendakariak jardunaldiaren amaierako diskurtsoa egingo du, eta horixe izango da Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XXI. Astearen hasierako ekintza.

Horrenbestez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluak ere parte hartuko du jardunaldian. Kontseilu horren buru Lehendakaria da, eta Euskadik bikaintasun zientifikoarekin, lidergo teknologikoarekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoa ordezkatzen du.